lunes, 9 de mayo de 2016

Proiektuetan oinarritutako metodologia

Kaixo! Didaktika Orokorrean metodologia ezberdinak ezagutzen ari gara eta aurrekoan esan bezala, globalizazioaren eta ikaskuntza esanguratsuaren inguruan aritzeko, testuez eta aurkezpenez baliatu ginen. Hemen azaltzera natorren metodologia, aldiz, bi irakasleren laguntzaz landu dugu; gure ezagutzetatik abiatuz, errealitateko kasu batzuekin lotuz eta ezagutza hori borobilduz.

Lehenik eta behin gure ezagutzen inguruan jakiteko talde txikitan banatu eta ondorengo galderak erantzun genituen: 

- Zer dakizu proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaz?
- Zer falta zaizu ikasteko?

Jarraian, talde horietan ateratako erantzunak denon artean partekatu genituen, talde batean baino gehiagotan ateratako ideiak azpimarratuz.

Gure ezagutza osatzeko edo borobiltzeko asmotan, irakaslearen garaia iritsi zen. Horretarako, Begoñak Bergarako ikastolan metodologia honi jarraituz egindako bi proiektu edo izandako esperientziak azaldu zizkigun. 

1. proiektua: egutegi bat sortzea izan zen. Kasu honetan, haurrak konturatu ziren aurreko egutegian ez zirela denak agertzen eta arazo horri aurre egiteko beraiena sortzea erabaki zuten. Horretarako, haurren jakintza eta interesetatik abiatu ziren egutegiaren ezaugarriak identifikatuz (hilabeteen izenak, urtaroak, zenbakiak, jai egunak...).

Egutegi pertsonalizatua izateaz gain, atal amankomun batzuk izan behar zituzten guztiek: esaterako, hilabeteen izenak hizkuntza ezberdinetan azaltzea (gelako haurren hizkuntza aniztasunaren araberakoa), azala eta azken orria guztientzat berdina izatea eta benetako egutegi baten itxura izatea.

Horrela, sormenaz baliatuz, haur bakoitzak bere egutegi pertsonalizatua sortu zuen eta arlo ezberdinak (marrazketa, matematika, hizkuntza ezberdinak...) lantzea lortu zuten ikaskuntza globalizatu baten bidez.

2. proiektua: haurren artean futbolaz hitz egiteko joera zegoenez, horri buruzko hainbat aspektu hobeto ezagutzeko proiektuari ekin zioten. Aurreko adibidean bezala, beraien aurre ezagutzetatik abiatu ziren, besteen artean, jokalari bakoitzak zenbaki bat, talde bakoitzaren eskudoa, futbol zelaiaren neurri eta azalera.

Proiektu honen azken helburu eta emaitza futbolari buruzko hiztegia sortzea izan da ahalik eta informazio gehien bertan txertatuz eta haurrak eskolatik kanpoko informazioari arreta jartzea bultzatuz gero hiztegia osatuagoa izateko.

Bestalde, kasu honetan ere arlo ezberdinak landu dituzte modu ezberdinetara.


Behin bi adibideak azalduta, azken galdera bat erantzutea tokatu zaigu:

-Zeintzuk dira atera dituzun ideia edo ikaskuntza nagusiak?

Modu honetan metodologia honi amaiera eman diogu nondik norakoak zehatuta utziz. Ezagutzen ez nuen metodologia hau erakargarria suertatu zait, gainera haurren erabateko interesetan eta jakintzetan oinarritze horrek beraiengan erabateko eragin positiboa besterik ez duela ikusi dut. Bi adibideek ere guztia ulertu eta zehazten lagundu dute biak oso modu ezberdinean landu direlako.


No hay comentarios:

Publicar un comentario