Euskal Autonomia Erkidegoan, Espainia mailakoaren "menpe" egon arren, gure curriculum propioa dugu eta Haur Hezkuntzako curriculuma zehazten duen dekretua irakurtzea izan da oraingoan gure lana.
Irakurketa hutsa izan ez dadin, aurretik argitaratu dudan eskola bizipenak sarrerarekin alderatu dut, dekretuak esaten duenak eta nik Haur Hezkuntzako garaian bizitakoak berdintasunik duen ala ez ikusteko.
Dekretuak eta Haur Hezkuntzako curriculumak milaka atal azaltzen dituzten arren, nire eskola bizipenekin lotura gehien duten bi esparru aukeratu ditut: guraso / familia eta eskolaren arteko harremanak eta ebaluazioa.
Guraso edo familien eta eskolaren arteko harremana dela eta, nire eskola bizipenak partekatu nituenean, iñauterien atalean adierazi nuen ezinbestekotzat hartzen dudala harreman hori ezartzea eta kurtso osoan zehar indartzea. Dekretuan ere, horren inguruan hiruzpa lau aldiz hitz egiten da: "Familiekin lankidetzan jardunda, haurraren garapen osoa landu behar da...", "Familiek parte har dezaten eta elkarlana egon dadin ikastetxeen eta familien artean, ikastetxeek eta guraso-elkarteek prestakuntza-jarduerak antolatu...", etab. Nire kasuan behintzat, garbi ikusten zen gurasoen parte hartzea iñauteri eta bestelako ekimenak egin behar genituenetan, irteeraren bat egin behar zenean, eta orokorrean egunerokotasunean ere.
Ebaluazioaren inguruan, berriz, nire bizipenekin lotura gehien duten 3 puntu hauek aukeratu ditut:
- "4.- Haur Hezkuntzan, ikasleen konpetentzien ebaluazioa orokorra, jarraitua eta prestakuntzakoa izango da, eta ikasleak curriculumeko eremu guztietan egindako aurrerapenari erreparatuko dio, oinarrizko konpetentziak kontuan hartuta."
- "5.- Ziklo bakoitzean ezarritako gutxieneko helburuen eta ebaluazio irizpideen berri emango diete ikastetxeek ikasleen gurasoei edo legezko tutoreei. Ikasturte bakoitzaren hasieran emango da informazio hori, ikastetxeak ezarritako prozedudaren arabera."
- "6.- Tutoreak, ikasturte bakoitzean aurreikusitako ebaluazio-saioak egitean, edo baldintzek horretarako bidea ematen dutenean, ikaslearen ikaskuntza-prozesuaren gaineko txostena egingo du. Ikasleen gurasoei edo legezko tutoreei emango zaie txosten hori. Hiru ebaluazio-saio egongo dira, gutxienez. Txosten horretan adieraziko dira: hezkuntza-konpetentzien lorpenari buruzko balorazioa, eskola-errendimenduari eta integrazio sozial eta hezkuntzakoari buruzko informazioa, eta, beharrezkoa baldin bada, aurreikusitako laguntza- eta indartze-neurri orokorrei buruzkoa."
Honen inguruan, nire eskola bizipenetan honetaz hitz egin ez nuen arren, gogoratzen dut kurtso hasieran guraso guztiekin bilera bat egiten zutela eta ondoren, ebaluaketa bakoitza bukatzen zenean tutoreak gurasoekin bakarka egiten zituen bileratxo horiek. Ematen ziguten txostena ere oroitzen dut, hainbat orriz osatuta egoten zen, hasieran finkatutako helburu eta ebaluazio irizpideen inguruan mintzatzen zen, ikasturte edo ebaluaketa horren nondik norakoak aipatzen zirela ere uste dut, baina normalean haurrei gehien interesatzen zitzaigun orria bakarra izaten zen, "notak" aipatzen ziren orrialde hura. Garai hartan, hala ere, ez badut gaizki oroitzen, oraindik ez zizkiguten "zenbakiak jartzen" (5, 7, 9...), oinarrizko konpetentzia bakoitzaren ondoan gutxiegi (GU), nahikoa (NA), ongi (O), oso ongi (OO) edo bikain (BI) ipintzen zigutela uste dut. Eta aurrerantzean hasten dira "definitzen gaituzten zenbakiak" jartzen, etorkizuna baldintzatuko diguten horiek...
Besterik gabe, zuek hausnartzera bultzatzeko "irekia" utziko dut honen inguruko nire interpretazioa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario