jueves, 17 de marzo de 2016

Haur Hezkuntzaren printzipio metodologikoak


Didaktika Orokorrean, gure gaiarekin jarraituz, Haur Hezkuntzaren printzipio metodologikoak aztertu genituen, azpimarragarriak diren GLOBALIZAZIOA eta IKASKUNTZA ESANGURATSUA hain zuzen ere. Horien inguruan idatzitako zortzi bat testu genituenez, gelako taldeen artean banatu genituen, batzuei bana eta besteei bina testu egokituz. Taldekideen artean testu eta gai horien lanketa egiteko testua irakurri, ideia nagusiak atera, laburpentxo bat egin eta aurkezpena prestatu genuen. Azkenik, talde bakoitzak bere aurkezpena egin zuen gelan eta denon artean, irakaslearen laguntzaz gai hauen inguruan hausnartu eta lanketa honi "amaiera" eman genion. 

Hortaz, jarraian egokitu zitzaigun testuaren inguruan ateratako ideiak eta egindako lanketa azalduko dizkizuet eta aurkezpenean erabili genuen euskarri digitala ikusteko aukera izango duzue.

"Los ámbitos de intervención en la E. infantil y el enfoque globalizador" Antoni Zabala.

Haur Hezkuntzako helburu eta eduki guztiak aurrera eramateko zaila da esku-hartze zehatz bat ezartzea, haur bakoitzak bere garapen eta erritmoak dituenez beharrezkoak dira metodo malguak, aldakorrak, moldagarriak.

“Nola erakutsi?” galderari erantzuteko, aurrez finkatutako helburu eta edukiak hartu behar dira kontuan. Ikasi dugun bezalaxe, Curriculumaren bidez finkatzen dira horiek, eta Haur Hezkuntzako etapak ere badu bere curriculuma. Bertan zehazten diren helburuek pertsonen gaitasun guztiei egiten diete erreferentzia: kognitiboak, motrizeak, autonomia eta oreka pertsonala, erlazio interpertsonalak, besteak beste.

Curriculuma interpretazio konstruktibista batean oinarritzen da eta irakaskuntzaren inguruan hartzen diren erabaki guztiak bere baitakoak dira. Konstruktibistek esaten duten bezala, pertsonek ezagutu nahi ditugun errealitateko esanahien inguruan osatzen dugun prozesu baten bidez ikasten dugu, hau da, aurrez ezagututako edukiak edo izandako esperientziak errealitatearekin lotuz.

Orokorrean ikaskuntza prozesu indibiduala den arren, ezinbestekoak dira haurrarentzat inguruko helduen laguntza (familia, irakasle, ezagun…) eta motibazioa (interesa, arazo bat konpontzeko nahia…).

Hasieran esan bezala, oso zaila da esku-hartze modelo zehatz bat ezartzea, horregatik lan egiteko / irakasteko modu ezberdinak egoten dira eta horietako batzuk aipatuko ditugu jarraian.

1.- Gaiak, proiektuak edo arazoak:

  1. Zenbait eremuren ezagutza: ingurunearena gehien bat (jostailuak, eskolako lagunak, auzoko dendak…), modu urriagoan identitate eta autonomia pertsonalarena. Adibidez eskolako lagunen inguruan, 3 urteko gelan, lehenengo astetan beraien artean ezagutzea landuko da (zein naiz ni? zein gara gu?) eta horrekin batera pixkanaka errespetua, talde-lana eta parte-hartzea bezalako gai garrantzitsuak landuko dira. Gainera horrelako jardueretan, eskuhartzea beharrezkoa izaten da, modu naturalean egin behar dena.

Curriculumeko hainbat zatik erlazioa dute beraien artean eta horrela, zati baten helburu didaktikoak betetzean, bestearenak ere betetzea erraztu daiteke. Aurreko adibidearekin jarraituz, besteen ezagutzak norbere ezagutzari lagunduko dio eta horrela, identitate pertsonala eraikitzen hasteko aukera dago.

  1. Proposatzen diren jarduerak gela guztiarentzat daude zuzenduta, neska eta mutil guztiak zeregin berdinean aritzen dira eta irakaslea da hori gidatu eta zuzentzen duena. Aldi berean, irakasleak ikaslearen ikaskuntza mailara egokitzen ditu jarduerak, haur bakoitzaren gaitasunak kontuan izanik. Lehen aipatutako adibidean, ez da berdina izango lehendik Haur Hezkuntzako lehen ziklotik igaro direnen edo beraien lehen esperientzia bizitzen duten haurren erantzuna.
  2. Denbora ikasleen interes eta gaiaren garrantziaren araberako da. Adibidez, ez zen zentzuzkoa izango 2 edo 3 astetan zehar “gelako lagunen” ariketak egitea, lehendik denak ezagutzen badira. Ezagutzen duten gai baten inguruan behin eta berriz egiteak ez du ezer berririk ekartzen. Jarduerak programazio eta denboralizazio bat behar dute (jarduerak ez oso luzeak), irakasleak ezingo ditu denbora luzez haurrak motibaturik eta zentraturik mantendu, interesa erraz galtzen baitute. Garai honetan, haurren interesak beraien inguruan, gertu kokatzen dira. Haurraren errendimendu guztia atera ahal izateko gai/proiektu edo arazo zehatza izan behar du; aldiz, globala eta abstraktuakoa bada, nahiz eta irakaslea zehatza izan, ez da ziurra haurrak ulertzea edo jarduera aurrera ateratzea.

2.- Txokoak eta/edo Tailerrak

Bi jarduera mota bereizi ditzakegu esparru honetan, batetik jolasak erabil ditzazkegu gaiak modu orokorrean lantzeko eta bestetik modu zehatzago batean ikusi ahal izateko, bestelako jarduera batzuk egoten dira (adibidez marrazketa tailerra).

  1. Txokoetan orokorrean eduki espezifikoak lantzen dira, adibidez marrazkiak libreki egiteko txokoa. Baina aldi berean, beste eduki batzuk sar ditzazkegu zeharka, adibidez koilareak egiteko txokoan, zeharka koloreak lantzen dira, beraien arteko loturak, etab.
  2. Banaka zein talde txikitan egiten da lan, modu horretan haurrek eduki ezberdinak landu ditzakete, beraien interesen arabera eta autonomiaz; eta irakasleek ere, era indibidualizatuagoan laguntza eskaini.
  3. Azkenik, iraupenari dagokionez, normalean denbora laburrak izan ohi dira baina azkenean ikasturtean zehar eduki zehatzak lantzea lortuko da, txoko ezberdinetan eduki bera lantzen edo txoko berean baina modu ezberdinean eginez (eskumuturraren erabilpena hobetzeko: marrazkien txokoan, idazketaren txokoan…).

3.- Ohiturak/Errutinak

Hala eta guztiz ere, badaude zenbait helburu eta eduki aurrez azaldutako moduan ezin direnak landu eta garrantzia handia dutenak; adibidez autonomia, norbere identitatearen eraikuntza, ongizate pertsonalarekin loturiko jarduerak, etab. Hori lantzeko, Haur Hezkuntzan “erritual” batzuk ezartzen dira: erlazio interpertsonalak eta afektua lantzekoak (sarrera, ongi etorria, korroa…), deskantsatzekoak (siesta, erlajazioa…), etab.

  1. Beharrezkoak diren ezagutzak barneratzea da helburua (afektua, maitasuna, elikadura, higienea, aktibitatea, deskantsua…).
  2. Batzuetan horrelako jarduerak talde guztiarentzat izaten dira baina normalean lan indibiduala izaten da, haur bakoitzak bere erritmoan egiten duena. Jarduera horietan haur eta irakasle arteko interakzioa konstantea (iraunkorra) da, nahiz eta denborarekin haurra zenbait gauza bere kabuz egiteko gai izango den.
  3. Denboraren inguruan, lehen esan bezala egunerokotasunean egiten diren jarduerak dira, errutinetan bihurtzen direnak. Askotan behin eta berriz berdina errepikatzen ari garela dirudien arren, horrelako jarduerek gauza berriak txertatzeko aukera ematen du, horrekin aurrerapena ekarriz.

Esan bezala, Haur Hezkuntzako helburuak lortzeko ez dago esku-hartze eredu zehatzik. Hortaz, aipatu ditugun horiez eta ditugun beste estrategiez baliatzea beharrezkoa da.

METODO GLOBALIZATU ETA PLANTEAMENDU GLOBALZATZAILEA

  • Metodo globalizatuak honetan datza: eduki eta gaiak ikaslearentzat ez dira garrantzi gehien duten helburuak, errealitatea ezagutzeko bitartekariak baizik. Helburua ez da diziplina, errealitaterekin erlazionatutako zerbait ikastea baizik. Norbere ingurunera ezagutzeko ikasleak bitartekari edo instrumentuak beharko ditu, eta horiek dira diziplinek, edukiek eta gaiek eskaintzen digutena.

  • Garrantzitsua da, lehenago ere esan dugun bezala, haurren interesen inguruan lan egitea. Haur bakoitzaren interes eta kezkak zein diren jakiteko hitz egin beharko dute, edo marraztu, entzun, neurtu… Ondoren, interes horietatik abiatuz eta eduki zehatzen laguntzaz (zientziak, matematikak, etab.) arazoak konpontzeko eta errealitatea ulertzeko gai izango dira.

  • Soziologian ikasi genuen bezala, hezkuntzaren helburua errealitatea ulertzen duten herritarrak sortzea da, autonomoak, beraien kabuz gauzak egiteko gai direnak...; beraz, ez da gai zehatzak barneratze hutsa, horiek errealitatean aplikatzeko gai izan behar dute gure haurrek, arazoak konpondu ahal izateko.

  • Kasu guztietan, helburua eduki zehatz batzuk modu zorrotz batean ezagutu eta ikastean bada, nahiz eta eduki horiek ingurunea ezagutzeko bitartekari edo moduak izan, haurrak hasiera batetik ikas ditzala kontzeptu horiek, ondoren ezagutuko bait ditu eduki horien esanahi eta erabilgarritasuna, eta ondorioz baita hauen aplikazioa ere.

  • Idazlearen iritziz, helburua eskolan egiten den lan guztiak ikuspegi globalizatzaile bat izatea da. Eta hori ez da soilik metodo globalizatuak erabiltzearen berdina. Ikuspegi globalizatzailea errealitateko kezka eta arazoetatik abiatzen den esku-hartzea bezala ulertu behar da.

Laburbilduz eta amaitzeko, hezkuntzaren inguruko ikuspegi malgua izatera bultzatzen gaitu honek guztiak, aipatu ditugun metodo guztiak bere garrantzia dutela. Horregatik esan dezakegu jarrera kontua dela, hezkuntzaren aurrean azaltzen dugun jarrera eta helburuei ematen diegun garrantzia kontuan izanda, metodo eta estrategia berrietara irekita egotea helburuak lortzeko.

Azkenik, hemen duzue aurkezpena egiteko erabilitako euskarria ("Prezi"-a).

Laister arte !




Curriculumaren zehaztapen mailak

Otsailaren 19ko klasean, Didaktika Orokorreko saioan Curriculumaren inguruan aritu ginen berriz ere; baina oraingoan, hainbat zehaztapen maila ikusi genituen. Horiek guztiak hobeto ulertzeko eta laburtzeko asmotan taula bat bete genuen eta ahal izanez gero, maila bakoitzaren adibide bana ipini genituen. 

Aldez aurretik, Curriculuma zer den aipatzea egokia iruditzen zait. Hezkuntzan, curriculuma ikaskuntza-prozesu bat osatzen duten helburu, gaitasun, metodo eta ebaluazioen multzoa da. Batzuen iritziz, curriculuma hezkuntza-prozesua guztiz zehazten duen agiria da (zer, nola eta noiz irakatsi eta ebaluatu); beste batzuen iritziz, berriz, modu orokorrago batez curriculuma eskolak eskaintzen dituzn ikaskuntza-esperientzia guztien multzoa da, agirian zehaztuta ez badaude ere, curriculum ezkutu bat osatuz. Bi motatako Curriculuma dagoela esan dezakegu, irekia edo itxia. Lehenak, helburu orokorrak bakarrik jasotzen ditu eta ikaskuntzaren uniformetasunari uko eginez, hezkuntza-egoera bakoitzera egokitzen da, emaitzei garantzia emanez eta ebaluazio jarraitu bati jarraituz. Curriculum itxiak, aldiz, aurrez ezarritako helburu, edukin eta bitartekoak biltzen ditu, modu homogeneo batez eta programa zehatz eta aldaezin batekin.

Jarraian txertatzen dizuet Curriculumaren zehaztapen mailen inguruko dokumentua eta bertan dituzuten "link"-etan klikatzeko aukera ere baduzue. 

Mila esker zuen arretagatik!

sábado, 20 de febrero de 2016

Heziberri eta eskola bizipenak alderatuz


Euskal Autonomia Erkidegoan, Espainia mailakoaren "menpe" egon arren, gure curriculum propioa dugu eta Haur Hezkuntzako curriculuma zehazten duen dekretua irakurtzea izan da oraingoan gure lana.

Irakurketa hutsa izan ez dadin, aurretik argitaratu dudan eskola bizipenak sarrerarekin alderatu dut, dekretuak esaten duenak eta nik Haur Hezkuntzako garaian bizitakoak berdintasunik duen ala ez ikusteko.

Dekretuak eta Haur Hezkuntzako curriculumak milaka atal azaltzen dituzten arren, nire eskola bizipenekin lotura gehien duten bi esparru aukeratu ditut: guraso / familia eta eskolaren arteko harremanak eta ebaluazioa.

Guraso edo familien eta eskolaren arteko harremana dela eta, nire eskola bizipenak partekatu nituenean, iñauterien atalean adierazi nuen ezinbestekotzat hartzen dudala harreman hori ezartzea eta kurtso osoan zehar indartzea. Dekretuan ere, horren inguruan hiruzpa lau aldiz hitz egiten da: "Familiekin lankidetzan jardunda, haurraren garapen osoa landu behar da...", "Familiek parte har dezaten eta elkarlana egon dadin ikastetxeen eta familien artean, ikastetxeek eta guraso-elkarteek prestakuntza-jarduerak antolatu...", etab. Nire kasuan behintzat, garbi ikusten zen gurasoen parte hartzea iñauteri eta bestelako ekimenak egin behar genituenetan, irteeraren bat egin behar zenean, eta orokorrean egunerokotasunean ere.

Ebaluazioaren inguruan, berriz, nire bizipenekin lotura gehien duten 3 puntu hauek aukeratu ditut: 

  • "4.- Haur Hezkuntzan, ikasleen konpetentzien ebaluazioa orokorra, jarraitua eta prestakuntzakoa izango da, eta ikasleak curriculumeko eremu guztietan egindako aurrerapenari erreparatuko dio, oinarrizko konpetentziak kontuan hartuta."
  • "5.- Ziklo bakoitzean ezarritako gutxieneko helburuen eta ebaluazio irizpideen berri emango diete ikastetxeek ikasleen gurasoei edo legezko tutoreei. Ikasturte bakoitzaren hasieran emango da informazio hori, ikastetxeak ezarritako prozedudaren arabera."
  • "6.- Tutoreak, ikasturte bakoitzean aurreikusitako ebaluazio-saioak egitean, edo baldintzek horretarako bidea ematen dutenean, ikaslearen ikaskuntza-prozesuaren gaineko txostena egingo du. Ikasleen gurasoei edo legezko tutoreei emango zaie txosten hori. Hiru ebaluazio-saio egongo dira, gutxienez. Txosten horretan adieraziko dira: hezkuntza-konpetentzien lorpenari buruzko balorazioa, eskola-errendimenduari eta integrazio sozial eta hezkuntzakoari buruzko informazioa, eta, beharrezkoa baldin bada, aurreikusitako laguntza- eta indartze-neurri orokorrei buruzkoa."
Honen inguruan, nire eskola bizipenetan honetaz hitz egin ez nuen arren, gogoratzen dut kurtso hasieran guraso guztiekin bilera bat egiten zutela eta ondoren, ebaluaketa bakoitza bukatzen zenean tutoreak gurasoekin bakarka egiten zituen bileratxo horiek. Ematen ziguten txostena ere oroitzen dut, hainbat orriz osatuta egoten zen, hasieran finkatutako helburu eta ebaluazio irizpideen inguruan mintzatzen zen, ikasturte edo ebaluaketa horren nondik norakoak aipatzen zirela ere uste dut, baina normalean haurrei gehien interesatzen zitzaigun orria bakarra izaten zen, "notak" aipatzen ziren orrialde hura. Garai hartan, hala ere, ez badut gaizki oroitzen, oraindik ez zizkiguten "zenbakiak jartzen" (5, 7, 9...), oinarrizko konpetentzia bakoitzaren ondoan gutxiegi (GU), nahikoa (NA), ongi (O), oso ongi (OO) edo bikain (BI) ipintzen zigutela uste dut. Eta aurrerantzean hasten dira "definitzen gaituzten zenbakiak" jartzen, etorkizuna baldintzatuko diguten horiek...

Besterik gabe, zuek hausnartzera bultzatzeko "irekia" utziko dut honen inguruko nire interpretazioa.






jueves, 18 de febrero de 2016

Hausnartuz...

2016ko otsailaren 12ko klase teorikoa:


Klase honetan ere hainbat gai ikusi genituen, oraingoan esaldien bitartez. Ikusitako esaldi askok zerikusia zuten beraien artean eta horregatik, orokorrean jasotako mezuak edo ateratako konklusioak aipatuko ditut gehien bat eta sarrera honekin amaitzeko esaldi horietako bati buruzko hausnarketa txiki bat egingo dut.

Argazkiekin ikusi genuen bezala, askotan esaten duguna ez dugu betetzen eta bereziki haurrek, ez dute ikasten esandako hori, egindakoa baizik. Horren harira esaldiren bat ikusi genuen eta adibide bezala jar dezakegu ia denok askeak garela esaten dugula, baina gero "praktikan" besteen askatasuna baldintzatzeko joera dugula.

Bestalde, klase honetatik hartutako mezurik esanguratsuenetarikoa hurrengo hau izan da niretzako: begirada ikasleengan jarri behar dugula, irakaslearengan baino. Horrekin lotu dezakegu, haurrak bere kabuz ikasten duela eta irakasleak hori sustatu edo bultzatu behar duela. Horretarako, ezinbestekoa da irakasleak ikasleei entzuten jakitea eta haurren ekarpen eta jakintzetatik abiatuz, ikasketa-prozesu hori bideratzea; betiere ikasleei egokituz, haien nahiak eta interesak kontuan hartuz, etab.

Eduki edo jakintzen inguruan, hezkuntzak bizitzarako beharrezkoak direnak eskaini behar dituela pentsatzen dut. Adibidez, haurrengan autonomia eta pentsamendu kritikoa izango lirateke garatu beharrekoak. Autonomiaz norbere kabuz baliatzeko gai izateaz gain, pentsamendu kritikoa erabiliz adibidez pentsa genezake ikasten ari garenak zentzua duen ala ez, oso ohikoa baita irakasleak esaten duena ikastea (aprobatzeko), lehen esan bezala zentzuzkoa edo baliagarria den ala ez pentsatu gabe.

Amaitzeko, esanguratsua den esaldi honen hausnarketa txiki bat: "La educación es el arma mas poderosa para cambiar el mundo" Nelson Mandela (1918-2013).

Nahiz eta gaur egun nire ustez hezkuntzak ez duen mundua aldarazteko moduko botererik, ongi baliatuz gero, hezkuntzak mundua alda dezakela pentsatzen dut. Izan ere, hezkuntzak pertsonak sortzen ditu eta pertsona horiek dira gero mundua osatzen dutenak. Beraz, hezkuntza aldatzen bada, pertsonak alda daitezke eta horiek mundua alda dezakete. Hortaz, esaldi honek izan ditzakeen esanahi guztiak kontuak hartuz, irakasleontzako "motibazio" bat izan behar duela pentsatzen dut, irakasleak berak ez badu sinisten hezkuntzaren bidez zerbait alda dezakenik, ez dugulako ezer aldatzea lortuko. 

Honekin nire sarrera bukatutzat ematen dut, baina esaldi potolo horren inguruan eta hemen aipatu ditudan beste gaien inguruan hausnartzera eta zuen interpretazioak egitera animatzen zaituztet ! 

Gustatuko zaizuelakoan...



jueves, 11 de febrero de 2016

Curriculumaren inguruan...


2016ko otsailaren 5eko klase teorikoa:

Curriculumaren gaian testuinguratzeko, curriculuma zer den eta mota ezberdinak daudela ikusi genuen. Hezkuntzan, curriculuma ikaskuntza-prozesu bat osatzen duten helburu, gaitasun, metodo eta ebaluazioen multzoa da eta ondorengo motak bereizten dira; nulua (lantzen ez diren gaiek osatzen dutena), formala edo ofiziala (adostutakoa), ezkutua (formalean agertzen ez dena baina betetzen dena) eta erreala (betetzen dena), besteak beste. 


Honen inguruan gehiago jakiteko asmoz eta bizi dugun errealitatearekin lotu ahal izateko hainbat argazki landu genituen eta horien inguruan hausnartu. 


Lanketa horrekin atera nuen konklusio nagusia da askotan hitzez edo diskurtsoaren bitartez esaten dugunaren guztiz aurkakoa egiten dugula, bai egunerokotasunean, bizitzan, baita hezkuntzan ere. Adibidez, mila aldiz entzungo dugu berdintasunaren inguruan hitz egiten eta denok berdinak garela aldarrikatzen ibiliko gara, baina gero praktikan ez dugu hori betetzen; izan ere, neska eta mutilak bereizten ditugu janzkeran, egin behar dituzten zereginetan, beraiengandik espero ditugun emaitzetan, etab. (Curriculum ezkutua). Gainera, ezberdintasun horiek indartzen dituzten estereotipoak oso ohikoak dira gure gizartean eta horietako batzuk landutako argazkietan agertzen dira, adibidez: emakumeak "edozer" egiten duela diruaren edo opari baten truke, emakume askok gizonezkoen "boterea" edo haien "azpitik egotea" onartzen dutela, gizonezkoek emakumezkoek baino soldata altuagoa izatea lan berdinagatik... 


Honetaz gain, hezkuntza munduan gehiago murgilduz eta gure gaiari helduz, errealitate ukaezina da irakasleek inguruan duten presioa (curriculuma, gurasoak, programazioa...) eta horrek askotan hezkuntzan duen eragina. Irakasleak arma boteretsuak dituzte ikasleen aurrean, zuzenki nahiz zeharka materiak/eduki/ideia asko helarazteko aukera eta haur horien garapena "beraien esku". 


Presio horren barruan, denbora falta ere egon daiteke. Arrazoi hori dela medio (edo beste bat) irakasle askok ikasle guztiak berdin tratatzen dituzte, helburu jakin eta berdina lortzeko, haur bakoitzaren garapena eta gaitasunak kontuan hartu gabe. Nire ustez, beharrezkoa da irakasleak haur bakoitza ezagutzea, gauzak barneratzeko momentuak daudela jakitea eta horren arabera esku-hartzea, baina gaur egungo hezkuntzan ia ezinezkoa litzateke. 


Hausnarketa honekin amaitzeko, klasean atera genituen pare bat ideia gogoraraztea pentsatu dut, gure etorkizunerako garrantzitsua iruditzen zaitena: irakasleari bere lana gustatu behar zaio, bokazionala izan behar du eta berak erakutsi eta irakasten duen moduan, ikasleengandik ere ikas dezakela jakin behar du, betiere ikasleen lekuan jarriz eta enpatiaz jardunez. 




                                          


Bi argazki hauekin borobiltzen dut nire sarrera eta klasean egindako guztiaren hausnarketa. 


lunes, 8 de febrero de 2016

Eskola bizipenak

"Itzaliko ez den inozentzia"



Lehenik eta behin, argazki hau aukeratu dut bertan ikusten den etxetxoa txikia nintzenetik nire gelan eduki dudalako eta bertan jarraitzen duelako. Etxetxo honi, goiko zatia altxatzen zaio eta kaxa moduan erabil daiteke. Oso ondo gogoratzen dut bertan gordetzen nituenak, gehienbat nire panpinen arropak izaten ziren; orduak eta orduak ematen nituen horiekin jolasean. Oroitzapen eder bat izateaz gain, Haur Hezkuntzako haurrengan ohikoa den jarrera iruditzen zait, eta horrela, jolasaren bidez esperimentatuz gauza asko ikasten ditugula pentsatzen dut (gauzak bere lekuan gordetzen, arropa janzten eta eranzten, etab.).



Bigarrenik, ni Haur Hezkuntzan nengoeneko marrazki hau aukeratu dut, Lehen Hezkuntzako ikasle batek egin zuena. Bertan, nire eskola agertzen da eta garai hartan eskolarekiko genuen harrotasuna zela eta erabaki dut zuekin banatzea. Gure herrian eskola bat eta ikastola bat besterik ez ditugunez, norberak berearekiko izugarrizko harrotasuna izaten zuen, nolabaiteko lehia baitzegoen bien artean. Hortaz gain, esan dudan bezala, Lehen Hezkuntzako ikasle batek egindako marrazkia da eta askotan oroitzen naiz garai hartan, gure eredu bilakatzen zirela LH-n ikasten zutenak, "handiak" errespetuz tratatzen genituen eta gainera, aukera bazegoen beraiek egiten zutena egiten genuen. Honen bidez, argi ikusten dut orain, Haur Hezkuntzako garaian batez ere, helduak (guraso, lagun, irakasle, ezagun...) haurren eredu direla eta hori horrela den aldetik, haurrengan ikusi nahi dugun jarrera lehendik guk erakutsi behar dugula. Horregatik, irakasle izango garen aldetik ere, hau zuekin banatzea egokia iruditu zait.










Jarraitzeko, Haur Hezkuntzako garaia kolorez betetzen laguntzen duten margoen inguruan idaztea bururatu zait. Egia da, nire kasuan behintzat, hasiera batean koloretazko arkatz edo argizarizko margoekin aritzen giñela, eta oso gustura gainera. Baina ongi gogoratzen dut errotulagailuak erabiltzen hasi nintzenean; izan ere, garai haietan "handiek erabiltzen zutena" zela uste nuen eta horregatik gehiago gustatzen zitzaizkidan. Honetaz gain, marrazkiak oso aberasgarriak direla uste dut; sormena lantzeko, kolore eta formen bidez adierazgarritasuna lantzeko, etab. Gainera, gauza askotarako erabiltzen genituen. Bigarren marrazki honetan ikusten daiteken bezala, negua heltzen zenean, neguan adierazgarri diren elur-panpin eta elur-malutak marrazten genituen; horrela, urtaro guztiak eta bertako elementuak ikastea arinagoa baitzen. Azkenik, hirugarren marrazki honetan ikus dezakegunez, gelakideen urtebetetze egunetan ere marrazkiak egiten genituen, zorionduz. Garai haietan gelakide batek egindakoa da hemen ipini dudana, ilusio handia sortzen zuen denon opariak jasotzeak, eta niri pertsonalki, besteei egitea ere asko gustatzen zitzaidan.





Urtebetetze egunekin jarraituz, Haur Hezkuntzatik hasita, oso ohikoak dira lagunekin egiten diren merendolak eta pozik oroitu izan ditut horietako asko. Argazki honetan ikusten den bezala, eskolako mantala eta guzti eramaten nuen merendoletara, eta zirrara sortzen zidan momentuetako bat izaten zen kandelak putz eginez itzali behar nituenean. Gainera, Haur Hezkuntzako garaian oraindik ez genituen lagun "talde itxiak" izaten eta merendoletarako gonbidatuen listak luzeak izaten ziren (gelakideak, familikoak...). Tristea izan arren, urteak aurrera joan ahala galdu egin ohi da urteak ospatzeko griña eta horregatik ekarri dut gogora garai hartakoa.





Ospakizunekin jarraituz, gabonetako oporrak hartu baino lehenago San Tomas eguna ospatzen genuen eskolan. Batzuei gutxiago gustatzen zitzaien baserritar jantzia janztea eta besteei gehiago gustatzen zitzaigun, baina azkenean, denok oso ondo pasatzen genuen egun honetan. Eskolan, azoka egiten genuen, animaliak egoten ziren, txistorra, taloak, puzgarriak... egun osoa alde batetik bestera ibiltzeko milaka gauza. Goizean irakaslearekin joaten giñen azoka bixitatzera eta horren bidez ikasi genituen animali askoren izenak. Egun amaieran, gurasoak nire bila etortzen zirenean, oroitzen dut nire gelaraino eramaten nituela, bertan gure marrazki eta eskulanen erakusketa ipintzen genuelako eta txikitan denoi gustatu ohi zaigu helduek guk egindako gauzak ikustea. 







Beste ospakizun bat... IÑAUTERIAK! A ze festa izaten genuen eskolan iñauteriak iristen zirenean. Izugarri gustatzen zitzaidan mozorroak egitea, dantzak prestatzea... eta egun handia iristen zenean urduritasunak agertzen ziren. Izugarrizko lana egiten genuen (irakasleek eta gurasoek gehien bat) egun horretarako mozorroak eta ikuskizuna prestatzeko. Bi argazki hauetan nire Haur Hezkuntzako bi emanaldi agertzen dira eta horietako batean, irakaslea ikus dezakegu gurekin batera dantzan. Honekin, argi ikusten da zein garrantzitsua eta beharrezkoa den irakaslearen parte hartzea eta ilusioa, guri ere ilusio hori partekatu eta denok disfrutatu ahal izateko. Gainera, gurasoen parte hartzea ere ezinbestekoa izaten zen honelako egunetan, mozorroak egiten laguntzeko, haurrak mozorratu eta aurpegiak margotzeko, besteak beste. Baina honelako egunetan, eta beste guztietan ere, beharrekoa baita eskola eta familiaren arteko harremana eta bien aldetik parte hartze hori egotea. Honetaz gain, gogoratzen naiz Haur Hezkuntzakoak lehenak izaten giñela eta ondoren, izugarri gustatzen zitzaidala "haundien" dantzak ikustea. Nostalgiaz oroitzen ditut horrelako egunak.






Azkenik eta amaitzeko, iñauterietako beste argazki bat dirudien arren, garai hartako nire aisialdiko zati handiena betetzen zuen dantzako argazki bat da. 4-5 urtetatik gimnasia erritmikoa egiten nuen; bi edo hiru egun entrenatzen genituen astean eta kurtso bukaeran emanaldi bat egiten genuen eskolako egunean, urte guztian zehar egindako lana erakusteko. Izugarri gustatzen zitzaidan eta pozik joaten nintzen beti. Gainera, iñauterien antzera, egun handia izaten zen denon aurrean dantza egin behar genuenekoa. Hala ere, honekin batera, milaka ekintza egin ditut eskolatik kanpo (gimnasia erritmikoa, euskal dantza, judo, eskola kirola, bertsolaritza....). Honekin adierazi nahi dut haurren garapenerako ezinbestekoa ikusten dudala, bai Haur Hezkuntzan, baita ondorenean ere, haurrari aukeratzen uztea bere denbora librean zer egin nahi duen, eta probatuz/esperimentatuz gauza asko ikasiko dituela, eta beharbada, benetan gustatzen zaion hura aurkituko duela.



Besterik gabe, hau izan da nire eskolako bizipenen inguruan zuekin partekatu nahi nuena. MILA ESKER!

lunes, 25 de enero de 2016

MUSIKA - Berri Txarrak


"Eta pasioa da hemen exigitzea zilegi den gutxieneko hori"